XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gurasoak zer girotakoak, zer lanbidetakoak zenituen?

Aita arrasatearra zen, Etxaluze baserrikoa.

Orain ere baserria han dago zutik, dorre handi batzuen azpian, oso baratze politarekin.

Herriaren sarreran dago, San Andres auzoan.

Nire lehengusuak han bizi dira orain ere.

Ama bergararra zen.

Bergarako sarrerako Ibratz baserrikoa.

Gogoratzen naiz, sagastiz inguratua. Baserri hori galdu zen.

Biak baserrikoak ziren, baina herri ondo-ondoan zeuden.

Aita Aretxabaletara etorri zen.

Gu bederatzi anai-arreba ginen, denak kalean jaioak.

Ni bosgarrena izan nintzen, lehendabiziko mutila.

Ama nik hamar urte nituelarik hil zen.

Gogoratzen naiz amari ebakuntza egin ziotela Donostian, San Inazio klinikan.

Behin joan nintzen, eta orduantxe ezagutu nuen Donostia, eta hango argiak, eta hango tranbien tximistak eta... ikaratuta utzi ninduten.

Klinikatik etorri eta laster hil zen ama.

Amaren oroitzapenik geratu zaizu?

Oso oroimen gutxi ditut.

Oso onak, baina oso gutxi.

Horrenbeste ginen eta denak sakabanatuta ibiltzen ginen, amaren oroitzapen oso zehatzik ez dut.

Inpresio orokor on bat gelditzen zait.

Oroitzen naiz, adibidez, pilotalekuan genbiltzanean ama ikusten nuela leihoan, gaixo zegoenean, guri begira.

Gure etxetik pilotalekua ikusi egiten baitzen.

Orduan, alpargatekin ibiltzen ginen eta, pilotan alpargatak ez apurtzearren, amak ikusten ninduen-eta, ortosik jarduten genuen pilotan.

Ama klinikatik etorri eta etxean zela, El Dia egunkariko Aretxabaletako korrenpontsalak argitaratu zuen ama jadanik etxean zela, eta ni harro-harro sentitzen nintzen amaren izena egunkarian ikusita.

Monagilloa nintzen.

Ama gaixo zegoen baina nik ez nekien norainoko larritasuna zuen.

Hamar urterekin oso umeak izaten ginen, oraingoen aldean.

Monagillo orduz txandaka egiten genuen.